Your address will show here +12 34 56 78
Narratibak

Erosketa-saskian diru gutxi ordainduta jasangarritasunean nabarmen eragin daitekeela erakusten duen tresna digital bat diseinatu dugu.

Elikaera proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du Etorkizuna Eraikiz Misioak 2023 programaren barruan, eta Osoigok, Eroskik eta ACEDE-H-Enea Living Labek sustatzen dute.

Proiektuaren hasieran galdera hau sortu zitzaigun:

Posible al da erosketa jasangarriago bat egitea askoz diru gehiago gastatu gabe?

Galderari erantzuna emateko xedearekin, Elikaera diziplina anitzeko eragileekin elkarlanean aritu da:

– OSOIGO NEXT, parte-hartze digitalean espezializatutako enpresa ezagun bateko berrikuntza-unitatea, plataforma digitalaren garapenaz eta parte-hartze digitalaren koordinazioaz arduratu da.

EROSKI I+G+b saileko taldea, elikagaien banatzaile ezaguna, arduratu da sektoreari buruzko ezagutza eta elikagaien jasangarritasunaren adierazleak behar bezala aplikatzeko aholkua emateaz. Horretaz gain, bezeroarengan oinarritutako ikuspegiarekin konprometituta, entzuteko tailerrak egin dira supermerkatuetan bertan.

 ACEDE, Euskadiko Etxeko Klusterra eta bere living lab H-ENEA, proiektu honetan berrikuntza irekia kudeatzeaz eta kontzeptuaren diseinua egiteaz arduratu gara, hasierako kontzeptua diseinu egingarri bihurtzeko eta datuak emateko, baita ohituren aldaketan eta kontsumo arduratsuago batean sakontzen jarraitzeko ere.

Berrikuntza irekiaren kudeaketa fase goiztiarretatik

Proiektuaren hasieran, erosketa-simulazio bat egitea, emaitzak erakustea eta erosketa jasangarriago baterako alternatibak eskaintzea genuen helburu, sentsibilizazioan eta pedagogian sakontzeko asmoarekin.

Balio-proposamenak OSOIGOren teknologiaren eskutik joan behar zuenez, berrikuntza irekiak garrantzi berezia hartu du. Ez hori bakarrik, gauza bera gertatu da jasangarritasun-adierazleak zehazterakoan; izan ere, adierazle horiek produktu guztietan aplikatu behar dira, eta horiekin azterketa honetako produktu guztien ingurumen-inpaktua neurtu. Horretarako, funtsezkoa izan da EROSKIren esperientzia ingurumen-etiketen berrikuntzetan.

Balio-proposamena pixkanaka definitu da urrats bakoitzean aurrera egin ahala, betiere une bakoitzeko beharrak kontuan hartuta eta, beraz, eragile bakoitzaren baliabide eta ezagutzak artikulatuta definizio-prozesuan zehar. Artikulazio hori guztia H-ENEAk diseinuan eta berrikuntza irekiko prozesuetan duen esperientziari esker burutu da, oraindik ondu gabe dauden eta definizio fase goiztiarrean dauden proiektuetan.

Jasangarritasunari lotutako kontsumo-ohiturak aztertzea ahalbidetu digun prototipo erakuslea

Erosketa-simulazio batean oinarritutako prozesu parte-hartzaile bat diseinatu dugu. Prozesu horretan, erabiltzaile bakoitzak nutrizio-dieta estandar bati dagozkion 10 elikagai-motatan, kategoria bereko 4 produkturen arteko hautua egin dezake. Produktu horiek emaitza desberdinak dituzte 5 jasangarritasun-adierazletan: plastikozko ontzien murrizketa, karbono-aztarna, tokiko produktua, elikagai-hondakinak eta ekoizpen-mota.

Parte-hartze prozesua apirilaren 22tik uztailaren 22ra arte egon da irekita, eta guztira 2464 pertsonak erabili dute ELIKAERA aplikazioa. Horietatik 794 pertsonak, % 32k, ez dute erosketarik egin simulazioan; beste 938 pertsonak, % 38k, bai egin dute erosketa -erosketak ingurumenean zer eragin duen jakiteko-, baina ez dute hobetzeko aukerarik hautatu. Bestalde, 732 pertsonak (% 30) esperientzia osorik burutu dute, jasangarritasunean hobetzeko aukera bat hautatu eta hori zenbat diruren truke gauzatu daitekeen egiaztatuta. Gainera, parte-hartze digitalaz haratago, zenbait supermerkatutan 4 entzunaldi-saio egin dira, baita adineko pertsonen elkarte batekin tailer bat ere.

Azpimarragarria da Gipuzkoako parte-hartzaileen %85 emakumeak izan direla, eta gehienak 35 eta 54 urte bitartekoak. Izan ere, Gipuzkoako biztanleriaren parte-hartzearekin alderatuz gero, 65 urtetik gorako pertsonena urria izan dela beha daiteke parte-hartze prozesu digital honetan.

Diseinatu dugun tresna digitalak erosketa-saskian diru gutxi ordainduta jasangarritasunean eragin positiboa izan dezakegula erakutsi digu

Prozesu parte-hartzaile digital honetako ikerketaren emaitzek erakusten dutenez, 0,56 euro gehiagoren truke erosketa-saski jasangarriagoa izan dezakegu.

Zehazki, ELIKAERA erosketa-simulazioan parte hartu duten 732 pertsonek, bataz beste, 42,40 euroko erosketa egin dute, eta 10 produkturen artean aukeratu ahal izan dute. Erosketa-simulazioaren emaitzek diotenez, kanpoko inolako estimulurik gabe, parte-hartzaileen % 49k tokiko eta eskualdeko produktuak aukeratu dituzte, eta % 49k ez du plastikozko ontzirik erosi. Horrek esan nahi du kanpoko estimulurik gabe parte-hartzaileak erosketa kontziente bat egiten saiatzen direla. Baina zer gertatzen da parte-hartzaileei alderdiren batean hobetzeko aukera ematen badiegu?

Parte-hartzaileen ia herenak (% 32,8) tokiko ekonomiari laguntzea erabaki du bere erosketan. Tokiko ekonomia bultzatu nahi izan duten 240 pertsona horiek, 0,23 euro gehiago ordainduta, egiaztatu ahal izan dute %27 gehiago igo direla tokiko eta eskualdeko produktuak.

Bigarren aukera hautatuena, ia herenarena (%31,5), erosketako plastikozko ontziak murriztea izan da. Plastikozko ontziak murriztea aukeratu duten 231 pertsonek egiaztatu ahal izan dute, 1,53 euroren truke, %19 gehiago igo direla plastikozko ontzirik gabeko produktuak.

Lehen prototipo erakusle honekin errealitatera lehen hurbilketa bat egin ahal izan dugu, eta bertatik ikasi

Garatutako prototipo erakuslea errealitatera egindako lehen hurbilketa baino ez da, eta, horri esker, asteko erosketa egitean iraunkortasunak kontsumitzaileentzat izan dezakeen balioa egiaztatu ahal izan dugu. Hala ere, prototipoa 40 produktutan oinarritutako erosketa simulazio bat besterik ez da. Hasiera xume honetan lortu dugun ikaskuntzatik abiatuta, eta ohiturak aldatzen lagunduko digutenak erosketa arduratsuagoa eta jasangarriagoa egiteko, gure asmoa sakontzen eta eragile gakoekin batera irtenbideak sortzen jarraitzea da.

Komunikabideetan hedapena:

0

Narratibak

Eukene Barrenetxea

Duela egun batzuk, ELIKAERARI buruzko hitzaldia eman genuen Arrasaten. ELIKAERA elikadura-kontsumo iraunkorragorako ohitura-aldaketa sustatzeko aplikazioa da eta ELIKAERA proiekturako kodiseinatu dugu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du Misioak 2023 deialdian. OSOIGOKO erakundeak plataforma digitala garatu du, eta EROSKIk aholkularitza eman digu, batez ere, bere sektorearekin lotutako alderdiei buruz eta elikagaien kontsumoak ingurumenean duen eragina neurtzeko moduari buruz.

Elikaera_presentacion_redes

Aplikazio digitala denez, gure lehenengo helburua izan da egiaztatzea aplikazioa zenbateraino egokitzen zen 65 urtetik gorako pertsonen erabilera-profilekin. Horretarako, Arrasateko Nagusien Kontseiluaren laguntza izan dugu.

Saioari buruzko xehetasun gehiago eman aurretik, proiektuaren datu batzuk zehaztuko ditugu. Aldaketa sustatzeko estrategia, erosketa simulatzeko prozesu batean oinarritzen da, non ezaugarri bereko eta jasangarritasun inpaktu desberdina duten produktu multzo bat eskaintzen duen.

Erosketaren simulazioa amaitutakoan, hobekuntza bat hautatzeko aukera ematen da, aspektu ezberdinetan: produkzio jasangarria, elikagaien aprobetxamendua, tokiko ekonomia, karbono-aztarna eta ontziak. Informazio gehiago nahi izanez gero, sartu helbidean elikaera.eus/eu/blog/

Hobekuntza hautatzean, hobekuntza horren kostu ekonomikoa erakusten duen emaitza eskaintzen da.

Gipuzkoako herritarrei zuzendutako parte-hartze prozesua apirilaren 22an hasi zen, eta prototipo horrek informazioa emango digu ohiturak aldatzeko diseinatu dugun estrategia egokia den ala ez jakiteko. Egiaztapen hori egiteko, aplikazio digitalean parte hartzen dutenek ematen diguten informazioa erabiliko da, bai eta orain deskribatzen ari garen bezalako proba presentzialak ere.

Hitzaldian zehar aplikazioa pantailan bete da eta horrela guztiek ikusi ahal izan dute, aplikazioan nola sartu eta ondoren jarraitu beharreko pausu guztiak betetzen joan gara, pantailan zein bakoitzak bere telefonoan.

Aplikazioaren erabilgarritasunean atzemandako hobekuntza batzuk badauden arren (proiektuko baliabideak finituak dira), ez dugu aurkitu erabiltzeko zailtasun nabarmenik parte-hartzaileen artean.

Hitzaldiari amaiera emateko, elkarrizketa espazio bat ireki da. Bertan, zenbait pertsonak ekarpen interesgarriak egin dituzte, aplikazioan planteatzen diren ohiturak sustatzeko estrategiarekin lotuta.

Prozesu horren emaitzak urrian argitaratuko dira eta parte hartzeko prozesua uztailaren 22an bukatuko da.

Informazio gehiago nahi izanez gero, sartu hurrengo helbidean elikaera.eus

0

Narratibak

Eukene Barrenetxea

Azken urteotan elikaduraren gaineko kezka gehien zabaldu den arduratako bat da. Jendeak gero eta gehiago hartzen du kontuan zein elikagai kontsumitzen duen, izan klimarengatik edota osasunarengatik.

Zehazki, 2023ko ikerketa baten arabera, Espainiako herritarren %72-ak [1] elikadurak duela 5 urte baino kezkatzen duela dio. Paradoxikoki, gaur egun ditugun aplikazio eta teknologia guztiekin, kontsumitzen dituzten elikagaien inguruan gehiegizko informazioa eta argitasun falta pairatzen dutela diote erabiltzaile gehienek.

Baina nola integratu dezakegu teknologia erraz bat pertsonen egunerokoan, kontsumitzen duena ulertzen laguntzeko? Nola lagundu dezakegu poltsikorako ekonomikoagoak diren eta aldi berean osasungarri zein jasangarriagoak diren elikagaiak aukeratzeko orduan? Zein adierazle eta neurri erabili ditzakegu?

H-ENEA LIVING LABen, hilabete batzuk daramatzagu parte-hartze digitaleko aplikazio bat diseinatzeko erronkan, kaleko jendeak elikagaiak erosterako[2] garaian jasangarriagoa nola izan daitekeen ikas dezan, jasangarriagoak diren alternatibak aukeratzeko aukera emanda. Proiektuko gure bazkideak hurrengoak dira: OSOIGO NEXT, parte-hartze digitalean espezializatutako enpresa ezagun baten berrikuntza unitatea eta EROSKI I+G+b saila, elikagaien banatzaile ezagun bat.

Elikadura ez da soilik kontsumoari lotutako kezka bat, eskala globala ere hartzen baitu. Ikerketa esparruan etorkizunari begira iragarpenak egitean kontuan izaten den aldagai nagusietako bat izanik.

IKEAren etxeko bizitzari buruzko txostenean [3] ageri diren etorkizuneko 3 agertokietako batean, mundua klima-krisiaren errealitatera egokituko dela baieztatzen da. Politikek etxeko sistema adimendunak erabiltzea bultzatuko dute, baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzeko. Izan ere, mundu guztia jabetuko da ingurune naturalak, norbere bizimoduan, etxeetan eta komunitateetan duen eraginaz eta loturaz. Etorkizuneko etxeak kanpo indarrekiko sentikorragoak izango direla iragartzen da, eta, hortaz, diseinuan teknologia eta natura integraturik joango direla.

Era berean, maila politiko eta administratiboan, Gipuzkoako Foru Aldundiak “Gipuzkoako Elikadura Jasangarriaren Misioa” [4] izeneko txostena argitaratu zuen 2022ko maiatzean, aldaketarako ortzimuga zehaztuz. Txosten honetan Nature aldizkariko ikerketa bat aipatzen da, non hurrengo datuak elikadura sistemaren ardura direla ondorioztatzen den

– Lurreko biodibertsitatearen galeraren %60-a
– Berotegi-gasen isurketen %34-a
– Lurzoru degradatuen %33-a
– Merkataritzako arrainen %90 inguru erabat ustiatzea edo gehiegi ustiatzea
– Akuiferoen %20-a gehiegi ustiatzea,
– Elikagaien %32-a alferrik galtzen da.

Ikuspegi global eta lokal horretatik hasi ginen Kontsumo Arduratsua Sustatzeko plataforma bat garatzen, Etorkizuna Eraikiz – Misioak 2023 Programaren deialdiaren barruan. Deialdi horretan ELIKAERA ekimenarekin parte hartzen ari gara. Gipuzkoako herritarrak elikadura kontsumoan ohitura arduratsuagoak izateko helburuarekin tresna digital berritzaile bat diseinatuko da. Tresna digital honekin herritarrak elikagaien jasangarritasunaren inguruan ikasiko dute eta ohiturak aldatzeko gakoak emango zaizkie. Ekimen hau OSOIGO NEXT, EROSKI I+G+b eta ACEDE H-ENEA LIVING LAB en diziplina anitzeko taldearekin lankidetzan garatzen ari gara.

Gaur arte, proiektua hasi zenetik 6 hilabete pasa diren bitartean, gure lana honako zeregin hauetan zentratu da:

– Proposamen berritzailearen ko-sorkuntzaren kudeatzea
– APP prototipoa diseinatzeko ikerketa
– APP prototipoaren diseinua

1.  Ko-sorkuntzaren kudeaketa

Enpresa partzuergoaren gaitasunak integratzean oinarritzen da, ahalik eta tresna berritzaileena elkarrekin diseinatzeko. Horretarako, berrikuntzarako lankidetza marko bat sortu behar da. Marko horretan lantalde bakoitzak bere lekua aurkitu beharko du eta bertan bere ezagutza aplikatu. Era berean, ko-sorkuntza marko honi esker, bakoitzak bere ekarpenak emaitza globalean eta azken emaitzan ikusi dezakete.

2. APP prototipoa diseinatzeko ikerketa

Ikerketa hiru esparrutan landu dugu: batetik, erosketa ohituren gaineko egoera aztertu da, bestetik, elikadura jasangarria neurtzeko etiketen azterketa egin da eta azkenik, herritarrek, kalean bertan, produktuen jasangarritasuna baloratzerako duten informazioari buruzko ikerketa egin da. Bizi dugun testuinguru aldakorrari eragiten dizkioten aldagaiei ere erreparatu behar diegu. Zalantzaz betetako garai nahasiak bizi ditugu, ezarritako helburuekin talka egin dezaketenak.

EROSKI I+G+b taldea arduratu da gaiaren inguruan gu aholkatzeaz eta horretarako elikagaien jasangarritasunari buruzko tailer bat burutu du, aldez aurretik adostutako kontsumitzaileen profilekin. Aldi berean, gure aholkularia izan da elikagaien jasangarritasun adierazleak behar bezala aplikatzeko.

Garrantzitsuena da proiektuaren helburuek herritarrekin bat egitea eta aplikazioaren erabilera beraien portaerara egokitzea. Azken horretarako, portaeren zientzietan aditua den DEEPBE enpresako Irati Mogollon-en aholkularitza izan dugu. Esperientzia digitaletan aplikatutako portaera zientzietan aditua denak, aplikazioaren diseinuaren gako batzuk eman dizkigu.

ELIKAERA aplikazioa erosketa simulazio bat da, eta bertan parte hartzen duen pertsonak bere aurrekontura gehien hurbiltzen den erosketa saskia aukeratu ahal izango du. Elikagaiak nutrizio dieta estandar baten arabera aukeratuak izan dira eta ingurumen-emaitza ezberdinak dituzten elikagai produktu sorta bat eskainiko zaizkie partehartzaileei.

3. APP prototipoaren diseinua

Diseinatu den erosketa simulazioan 5 jasangarritasun adierazle erabiltzen dira: ontzien murrizketa, karbono-aztarna, tokiko produktua, elikagaien alferrik galtzea eta ekoizpen mota. Aldagai guzti hauek kontuan izanik, datu kuantitatiboak eta kualitatiboak gurutzatu eta programatzen dituen arkitektura sortzea izan da erronka handienetako bat.

Aplikazioaren balio erantsia, partehartzaileak sortutako erosketa zerrendatik abiatuta, alternatiba jasangarriagoak eskaintzean datza, hori izanik proiektu honen zutabeetako bat. Erabiltzaileak, erosketa zerrenda osatu ondoren, aurretik aipatutako 5 jasangarritasun adierazle haien artean, zein adierazletan hobetu nahiko lukeen aukeratu dezake eta adierazle horretan jasangarriagoak diren elikagai produktuak aukeratu.

Ohiturak hobetzeko esperientzian nahitaezko elementuak zehaztu ondoren, OSOIGO NEXT garapen taldearekin batera, kontzeptuaren egingarritasuna landu dugu, lortu nahi den kontzeptuaren diseinua egingarria eta bideragarria izateko asmoarekin. Aspektu garrantzitsuetako bat OSOIGO NEXT -ek erabiltzen duen teknologia inkesta formatuan oinarrituta dagoela da. Kasu honetan, inkesta formatu batetik test formatu batera berritu nahi da. Formatu horretan, partehartzaileek ikaskuntza baliabideak lortzen dituzte beren kontsumo ohituretan aldaketa txikiak egin ahal izateko. Aldi berean, partehartzaileek egindako erosketak izan dituen emaitzak ikusi ahal izango ditu, karbono-aztarna bezalako balorazioen bidez.

Azkenik, esperientzia honen helburua interakzioen datuak lortzea da. Ondoren partehartzaileen kontsumo joerak eta jasangarritasun ereduak interpretatu ahal izateko proban zehar, kontsumo ohiturak hobetzeko aukeraz baliatuta.

Partehartze prozesuaren ezaugarriak

ELIKAERA aplikazioa erabilera publikorako prest egongo da Aste Santuaren ondoren, eta prozesua uda amaieran amaituko da. Ondoren, esperimentu honen emaitzak neurtuko dira eta urrian zabaldu. Aurreikuspenen arabera, 18 eta 70 urte bitarteko 1.000 pertsonak parte hartuko dute Gipuzkoan (3000 pertsona ingururi egingo zaie deialdia).

Lehen ondorioak

Ikaskuntza handia izaten ari da, elikagaien sektorearekin lan egiten dugun lehen aldia baita. Ikerketa lana oso enpirikoa izaten ari da eta taldea buru-belarri ari da prozesuan zehar sortzen ari diren zalantzei erantzuna ematen.

0

Narratibak

Oñatiko San Lorenzo auzoko bi atarietako teilatuetan instalatutako plaka fotovoltaikoak dagoeneko martxan daude eta bertako etxeak autokontsumitzen ari dira

Eñaut Iturbe

 

FV Etxean ekimena, H-Enea Living Lab sustatu du eta D2030 Garapen Iraunkorreko Sarearen bidez finantzatu den ekimena da. Helburua, Debagoienako bizilagunen komunitateetan autokontsumorako fotovoltaikoak ezartzeko prozesua martxan jartzea izan da.

Helburuak lortzeko estrategia bat gauzatu da, 2021 eta 2022 artean eta bizilagunen komunitateetan ezarri ahal izateko autokontsumo tipologia ezberdinetako 3 kasu erreal lortu dira.

Kasu erreal horietako bat Oñatiko San Lorenzo auzoan gauzatu da eta dagoeneko bertako bizilagunak, beraien teilatuetan sortzen den energia autokontsumitzen ari dira. Hori dela eta, San Lorenzo auzoko bizilagunekin bizi izandako prozesuaren balorazioa egin da.

FV Etxean San Lorenzo – Inpaktuak

2022ko azaroan Oñatiko San Lorenzo auzoko bi ataritan instalazio fotovoltaikoak egin zituen Ekitermik enpresak. Hauek dira bi atarietan egin diren instalazio fotovoltaikoen ezaugarriak:

San Lorenzo 31

San Lorenzo 54

Partehartzaileak /Bizilagun guztiak

8 / 8

6 / 8

Plaka kopurua (azalera)

18 (36m2)

16 (32m2)

Sorkuntza

9.001 kWh/urte

7.071 kWh/urte

Prozesuaren denbora (hilabeteak)

18

18

Instalazio fotovoltaikoa

(€ BEZ barne)

12.495,67

10.176,10

Instalazio elektrikoaren berritzea (€ BEZ barne)

2.544,00

2.523,00

Inbertsioa guztira

(€ BEZ barne)

15.039,67

12.699,10

Diru-laguntza - EEE/EVE (€)

5.814,90

5.168,80

OHZ/IBI Hobaria (€)

%50

%50

Inbertsioa etxeko (€)

1.879,95

2.011,39

Bizilagunek bizi izan duten prozesuaren inguruko balorazioa egin da, bizilagunen komunitate batean egin den lehenbiziko instalazio fotovoltaikoaren inguruko ondorioak jasoz:

Bizilagunen gehiengoa jubilatua da eta bataz beste 2 pertsona bizi dira etxebizitza bakoitzean

Instalazio fotovoltaikoa egiteko erabakia hartzean, arrazoi nagusiak aurrezpen ekonomikoa eta ingurumena izan ziren.

Orokorrean, bizi izandako prozesua bizilagunek ondo baloratu dute. Instalazioa egin ahal izateko hainbat ustekabe izan dituzte. Adibidez, instalazio fotovoltaikoa egin ahal izateko, eraikineko instalazio elektrikoa gaur egungo segurtasun irizpidetara moldatu behar izan zuten eta horrek gainkostu bat ekarri zien bizilagunei.

2023ko martxoan instalazio fotovoltaikoa martxan jarri zenetik, teilatuan sortutako energia 5 etxebizitzetan autokontsumitzen ari dira. Aldiz, beste 9 etxebizitzek, oraindik ez dute autokontsumoa adierazten duen fakturarik jaso.

Kontratatuta duten merkaturatzaileei dagokinez, gehiengoak Oñatiko merkaturatzaile publikoa den Merkaoña S.L. dute kontratatua. Merkaoñak CHC Energía merkaturatzailearekin egiten du lan. Beste bizilagunek, Iberdrola, Endesa, Naturgy edo Goiener dute kontratatua. Merkaturatzaile batzuk arazoak izaten ari dira, autokontsumo fakturak bidaltzerako garaian.

Autokontsumitzen ari diren 5 etxebizitzek gehien baloratzen dutena energia fakturetan izan duten aurrezpen ekonomikoa izan da. Hala ere, energia hori beraiek autoekoiztua izatea eta ondorioz garbiagoa izatea ere baloratzen dute. 

Dagoeneko autokontsumitzen ari diren bizilagunen elektrizitate fakturak aztertu ondoren, hurrengo ondorioak atera ditugu:

  • Guztira batazbeste hilabete batean teilatuan sortutako energia etxeko 133,79 kWh izan dira. Kontuan izan behar da jasotako datuak 2023-ko uda sasoikoak direla.

  • Batazbeste autokontsumitutako energia etxeko 74,78 kWh izan dira, horrek suposatzen du teilatuan sortutako energia horren %42-a autokontsumitu dela.

  • Aldiz, teilatuan sortutako energiatik %60-a ez da autokontsumitu, hortaz, batazbeste soberako energia etxeko 80,21 kWh izan da. Soberako energia kontsumitzen den energia baino merkeago saltzen da. Horregatik, bizilagunek kontsumo ohiturak aldatuz gero, adibidez, eguzkiak gehien ekoizten duen tarteetan etxetresnak programatuz, autokontsumo portzentaia handituko lukete, aurrezpen ekonomikoa areagotuz.

  • Hala ere, batazbeste 20 euro aurreztu ditu bizilagun bakoitzak hilabete bateko elektrizitate fakturan, ia fakturaren erdia (%46). Autokontsumo gabe batazbeste hilabete batean, 42,39 euro ordainduko luke etxebizitza bakoitzak eta aldiz, autokontsumoa aplikatzean batazbeste, 22,41 euro ordaindu dituzte etxebizitza bakoitzak.

  • Bizilagunek zailtasunak dituzte faktura berriak ulertzeko. Autokontsumo fakturetan, 3 kontzeptu bereizten dira: Kontsumitutako energia, autokontsumitutako energia eta soberako energia. Bizilagunek eskatuta, San Lorenzoko bizilagunekin formakuntza saio bat antolatuko dugu, fakturak ulertzen ikasteko.

Instalazio fotovoltaiko bat bizilagunen komunitate batean egiten den lehenetarikoak izan dira San Lorenzo auzokoak eta orain arte 44 pertsona inguruk galdetu diote instalazio fotovoltaikoari buruz. Inguruko bizilagunek edota kalean galdetu dioten pertsonek interesa erakutsi dute, haiek ere beraien komunitateetan instalazio fotovoltaiko bat egiteko.

Dagoeneko, Debagoienan gutxienez beste 20 komunitatetan plaka fotovoltaikoen instalazio prozesua martxan dute, guztira 116 etxebizitzak autokontsumoa egitea ahalbidetuz.

Oñatiko San Lorenzo auzoko bizilagunen bi komunitatetan eginiko instalazio fotovoltaikoaren bidez, autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak egin nahi dituzten beste komunitate batzuek prozesuaz ikasi dezakete. Aurretik jasotako balorazioez gain, jarraian ikus daiteke Oñatiko San Lorenzo auzoan egin diren bi instalazio fotovoltaikoek izan duten prozesua denboran zehar autokontsumitzen hasi diren arte:

HILABETEA

DATA

SAN LORENZO - MUGARRIAK

1

2021 urria

- Kontagailuen neurketa

- Lehendakariarekin bilera

- Aurrekontua

2

2021 azaroa

- Bilera komunitatearekin
- Erabakia

4

2022 urtarrila

- Obra-lizentzia eskaera
- Obra-lizentzia

5

2022 otsaila

- EEE/EVE diru-laguntza eskaera
- Espedientea ireki (banatzailea)

9

2022 ekaina

- EEE/EVE ebazpena
- Instalazio elektrikoa berrizteko aurrekontua

12

2022 iraila

- Espedientea onartu (banatzailea)

14

2022 azaroa

- Plaka fotovoltaikoen instalazioa

18

2023 martxoa

- Sorkuntza kontagailua instalatu (banatzailea)
- Autokontsumo kontratua sinatu (merkaturatzailea)

0

Narratibak

Dagoeneko Debagoieneko 724 etxebizitza batu dira olatu fotovoltaikora

 

Eukene Barrenetxea eta Eñaut Iturbe

  

Bi urteko epearen baitan aldaketa nabarmena eman da Debagoieneko etxebizitzetan energia fotovoltaikoaren inguruan. Ordutik, bailarako etxebizitzen %2,57-ak plaka fotovoltaikoak instalatu edo instalatzeko bidean daude beraien bizilagun-komunitateko teilatuetan.


H-Enea Living Lab-en helburua Debagoieneko bizilagunen teilatuetan fotovoltaika instalatuko duten etxebizitzen masa kritiko bat sortzea izan da. Horrela, trantsizio energetikoa sustatuko duen mugimenduaren lehenengo erreferente izanez, oinarriak finkatuz eta atxikipen soziala eraginez.


Ikerketa zientifikoen arabera, masa kritiko bat bideragarria izateko behar den ehuneko minimoa %2,5-a da.



Atxikitze-soziala: 3 olatu 2 urtetan


· Lehenengo olatua
2021ean hasi zen eta eskualdeko 3 herritan egin ziren 3 piloturen bidez bultzatuta. Guztira 160 etxebizitzek hartu zuten parte eta horietatik 131 komunitateetako autokontsumora bideratu ziren eta 29, berriz, etxebizitzetako autokontsumora.

· 2022ko lehen seihilekoan, bigarren olatu bat eman zen, honako hau, inolako esku-hartze berezirik gabe, atxikipen soziala deritzogun fenomenoaren bidez. Modu naturalean beste 49 etxebizitza berri batu ziren etxebizitzetako autokontsumo modalitatera, 6 erkidegotan sailkatuta.

· Hirugarren olatua, 2022ko uda ostean hasi zen: 33 komunitatetako 515 etxebizitzek aurrekontua eskatu zuten teilatuetan plaka fotovoltaikoak instalatzeko. Zehazki, 279 komunitateetako eta 236 etxebizitzetako kontsumoa hornitzeko.



Ingurumen inpaktuak:

 

· Energia ikuspegitik, 0,32 GWh sortuko dituzte aurreikusitako 44 instalazio fotovoltaikoek. Honek 145 etxebizitzek kontsumitzen dutena eguzki-energiatik hornitzea ahalbidetzen du.

· 724 etxebizitza hauek hartutako erabakiek urtean 94 tona CO2 isurtzea saihestuko dute.



Ekimenaren eragin ekonomikoa:


Kalkuluen arabera, D2030 Garapen Iraunkorreko Sareak bizilagun- komunitateak fotovoltaikoetara atxikitzeko sustapen-ekimen hau finantzatzeko erabilitako 49.350 euro hauek 500.000 euroko inbertsio bat ekarriko dutela aurreikusten da.

ETXEBIZITZA KOPURUA

 TEILATUETAN ERABILITAKO AZALERA
(m2)

724

1314

INSTALAZIO FOTOVOLTAIKOAK

 AURREIKUSITAKO INSTALATUTAKO POTENTZIA
(KW)

44

288

 AURREIKUSITAKO INBERTSIOA
(€)

 INPAKTUA ENERGIAN
GWh/urtean

501.978 €

0,32

AURREIKUSITAKO DIRU-LAGUNTZA
(€)

 INPAKTUA CO2 ISURKETETAN
TCO2/urtean

207.084 €

94,16

INPAKTUA BERRIKUNTZA BEREGANATZEAN
Etxe kopurua / Debagoienako etxe kopurua

2,57%

Badaude Fotovoltaiken olatuetan parte hartu duten beste eragile esanguratsu batzuk ere: D2030 Garapen Iraunkorrerako Sarea (finantzatzaile nagusi gisa), Arrasateko Udaletxea (SHREC proiektu europarraren bidez finantzatzaile gisa), Antzuolako Natur baliabide Erabilera taldea, Oñatiko San Lorentzo auzoko herritarrak, Uribesalgo Finka Administratzailea eta Ekitermik enpresa, besteak beste.

0

Narratibak

BIRGAITZEN proiektuko esperientziaren ebaluaketa bat egin zuten Boluko auzokideek pasa den ostiralean, Irizar jauregian.

 

Nortzuk: Boluko auzokideak,  H-ENEA Living Lab-eko taldea eta Ion Leihoak enpresa.

 

Zer: Debagoiena 2030 Garapen Iraunkorrerako Sareak finantziatutako Birgaitzen Bolu ekimenaren balorazioa egiteko bildu ginen.

 

Aurrekariak: Birgaitzen Boluk, banakako etxeetan isolamendua jartzeko sistema bat sustatzen du. Prozesuan parte hartzeko bi ezaugarri bete behar izan dira. Ekimena taldean egitea eta ikasitakoa taldean partekatzea. Prozesua 2021eko otsailean jarri zen martxan eta Bolu auzoko 8 etxebizitzek hartu dute parte.

 

Ondorioak:  

  • Orokorrean esperientzia oso ondo baloratu dute parte hartzaileek.

  • Isolamendua egin dutenetik etxea epelago dago, iparraldera ematen duten etxeek, alde handia somatu dute tenperatura hobeto mantentzen delako alde hartako logeletan.

  • Bestalde, errepide aldera ematen duten geletan zarataren murrizketa handia nabaritu dute bizilagunek.

  • Etxeko tenperatura neurtu dutenek 2 eta 2,5 C° igoera eman dela egiaztatu dute.

  • Orokorrean, berogailua gutxiago jartzen dutela diote denek.

  • Parte hartzaile batek bere etxeko leihoak aldatzea erabaki du berogailuaren kontsumoa murrizteko. 

  • 2021 eta 2022ko neguko hilabete hotzetako fakturen konparaketa egin den arren, 2022ko negua hotzagoa izan da. Hortaz kontsumoen konparaketak ez du informazio deigarririk eman.

  • Erosketa kolektiboaren bidez 200,00 eta 300,00 EUR bitarteko aurrezpena jaso dute parte hartzaileek erosketan.

  • Parte hartzaile denek, ordaindutakoaren %18a jasoko dute errenta aitorpenaren bidez. Obra lizentziaren ordainketa barne.

 

Etorkizunari begira, zerrenda berri bat sortuko da, eta izena eman nahi dutenak Boluko Imaz Harategira hurbildu beharko dira. Prozesuan parte hartzeko 10 pertsonek eman behar dute izena eta taldeko ordezkari bat aukeratu beharko dute.

Birgaitzen proiektua, Antzuolako herrian ere martxan dago. Kasu honetan, profil sozioekonomiko baxuko etxeak parte hartzen ari dira, Antzuolako Udalaren laguntzaren bitartez.

 

Birgaitzen proiektuak orain arte izan dituen eraginak:

Etxebizitza kopurua

    39

Eginiko inbertsioa

    36.250,00 €

Urteko CO2 isurketen murrizketa

    16.653 kgCO2/urtean

Urteko energia kontsumoaren murrizketa

    65.520 kWh/urtean

Konfort sentsazioaren hobekuntza

    1-4ºC

0