Narratibak

Etxea: Krisi klimatikoa eta elikadura sistema

Eukene Barrenetxea

Azken urteotan elikaduraren gaineko kezka gehien zabaldu den arduratako bat da. Jendeak gero eta gehiago hartzen du kontuan zein elikagai kontsumitzen duen, izan klimarengatik edota osasunarengatik.

Zehazki, 2023ko ikerketa baten arabera, Espainiako herritarren %72-ak [1] elikadurak duela 5 urte baino kezkatzen duela dio. Paradoxikoki, gaur egun ditugun aplikazio eta teknologia guztiekin, kontsumitzen dituzten elikagaien inguruan gehiegizko informazioa eta argitasun falta pairatzen dutela diote erabiltzaile gehienek.

Baina nola integratu dezakegu teknologia erraz bat pertsonen egunerokoan, kontsumitzen duena ulertzen laguntzeko? Nola lagundu dezakegu poltsikorako ekonomikoagoak diren eta aldi berean osasungarri zein jasangarriagoak diren elikagaiak aukeratzeko orduan? Zein adierazle eta neurri erabili ditzakegu?

H-ENEA LIVING LABen, hilabete batzuk daramatzagu parte-hartze digitaleko aplikazio bat diseinatzeko erronkan, kaleko jendeak elikagaiak erosterako[2] garaian jasangarriagoa nola izan daitekeen ikas dezan, jasangarriagoak diren alternatibak aukeratzeko aukera emanda. Proiektuko gure bazkideak hurrengoak dira: OSOIGO NEXT, parte-hartze digitalean espezializatutako enpresa ezagun baten berrikuntza unitatea eta EROSKI I+G+b saila, elikagaien banatzaile ezagun bat.

Elikadura ez da soilik kontsumoari lotutako kezka bat, eskala globala ere hartzen baitu. Ikerketa esparruan etorkizunari begira iragarpenak egitean kontuan izaten den aldagai nagusietako bat izanik.

IKEAren etxeko bizitzari buruzko txostenean [3] ageri diren etorkizuneko 3 agertokietako batean, mundua klima-krisiaren errealitatera egokituko dela baieztatzen da. Politikek etxeko sistema adimendunak erabiltzea bultzatuko dute, baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzeko. Izan ere, mundu guztia jabetuko da ingurune naturalak, norbere bizimoduan, etxeetan eta komunitateetan duen eraginaz eta loturaz. Etorkizuneko etxeak kanpo indarrekiko sentikorragoak izango direla iragartzen da, eta, hortaz, diseinuan teknologia eta natura integraturik joango direla.

Era berean, maila politiko eta administratiboan, Gipuzkoako Foru Aldundiak “Gipuzkoako Elikadura Jasangarriaren Misioa” [4] izeneko txostena argitaratu zuen 2022ko maiatzean, aldaketarako ortzimuga zehaztuz. Txosten honetan Nature aldizkariko ikerketa bat aipatzen da, non hurrengo datuak elikadura sistemaren ardura direla ondorioztatzen den

– Lurreko biodibertsitatearen galeraren %60-a
– Berotegi-gasen isurketen %34-a
– Lurzoru degradatuen %33-a
– Merkataritzako arrainen %90 inguru erabat ustiatzea edo gehiegi ustiatzea
– Akuiferoen %20-a gehiegi ustiatzea,
– Elikagaien %32-a alferrik galtzen da.

Ikuspegi global eta lokal horretatik hasi ginen Kontsumo Arduratsua Sustatzeko plataforma bat garatzen, Etorkizuna Eraikiz – Misioak 2023 Programaren deialdiaren barruan. Deialdi horretan ELIKAERA ekimenarekin parte hartzen ari gara. Gipuzkoako herritarrak elikadura kontsumoan ohitura arduratsuagoak izateko helburuarekin tresna digital berritzaile bat diseinatuko da. Tresna digital honekin herritarrak elikagaien jasangarritasunaren inguruan ikasiko dute eta ohiturak aldatzeko gakoak emango zaizkie. Ekimen hau OSOIGO NEXT, EROSKI I+G+b eta ACEDE H-ENEA LIVING LAB en diziplina anitzeko taldearekin lankidetzan garatzen ari gara.

Gaur arte, proiektua hasi zenetik 6 hilabete pasa diren bitartean, gure lana honako zeregin hauetan zentratu da:

– Proposamen berritzailearen ko-sorkuntzaren kudeatzea
– APP prototipoa diseinatzeko ikerketa
– APP prototipoaren diseinua

1.  Ko-sorkuntzaren kudeaketa

Enpresa partzuergoaren gaitasunak integratzean oinarritzen da, ahalik eta tresna berritzaileena elkarrekin diseinatzeko. Horretarako, berrikuntzarako lankidetza marko bat sortu behar da. Marko horretan lantalde bakoitzak bere lekua aurkitu beharko du eta bertan bere ezagutza aplikatu. Era berean, ko-sorkuntza marko honi esker, bakoitzak bere ekarpenak emaitza globalean eta azken emaitzan ikusi dezakete.

2. APP prototipoa diseinatzeko ikerketa

Ikerketa hiru esparrutan landu dugu: batetik, erosketa ohituren gaineko egoera aztertu da, bestetik, elikadura jasangarria neurtzeko etiketen azterketa egin da eta azkenik, herritarrek, kalean bertan, produktuen jasangarritasuna baloratzerako duten informazioari buruzko ikerketa egin da. Bizi dugun testuinguru aldakorrari eragiten dizkioten aldagaiei ere erreparatu behar diegu. Zalantzaz betetako garai nahasiak bizi ditugu, ezarritako helburuekin talka egin dezaketenak.

EROSKI I+G+b taldea arduratu da gaiaren inguruan gu aholkatzeaz eta horretarako elikagaien jasangarritasunari buruzko tailer bat burutu du, aldez aurretik adostutako kontsumitzaileen profilekin. Aldi berean, gure aholkularia izan da elikagaien jasangarritasun adierazleak behar bezala aplikatzeko.

Garrantzitsuena da proiektuaren helburuek herritarrekin bat egitea eta aplikazioaren erabilera beraien portaerara egokitzea. Azken horretarako, portaeren zientzietan aditua den DEEPBE enpresako Irati Mogollon-en aholkularitza izan dugu. Esperientzia digitaletan aplikatutako portaera zientzietan aditua denak, aplikazioaren diseinuaren gako batzuk eman dizkigu.

ELIKAERA aplikazioa erosketa simulazio bat da, eta bertan parte hartzen duen pertsonak bere aurrekontura gehien hurbiltzen den erosketa saskia aukeratu ahal izango du. Elikagaiak nutrizio dieta estandar baten arabera aukeratuak izan dira eta ingurumen-emaitza ezberdinak dituzten elikagai produktu sorta bat eskainiko zaizkie partehartzaileei.

3. APP prototipoaren diseinua

Diseinatu den erosketa simulazioan 5 jasangarritasun adierazle erabiltzen dira: ontzien murrizketa, karbono-aztarna, tokiko produktua, elikagaien alferrik galtzea eta ekoizpen mota. Aldagai guzti hauek kontuan izanik, datu kuantitatiboak eta kualitatiboak gurutzatu eta programatzen dituen arkitektura sortzea izan da erronka handienetako bat.

Aplikazioaren balio erantsia, partehartzaileak sortutako erosketa zerrendatik abiatuta, alternatiba jasangarriagoak eskaintzean datza, hori izanik proiektu honen zutabeetako bat. Erabiltzaileak, erosketa zerrenda osatu ondoren, aurretik aipatutako 5 jasangarritasun adierazle haien artean, zein adierazletan hobetu nahiko lukeen aukeratu dezake eta adierazle horretan jasangarriagoak diren elikagai produktuak aukeratu.

Ohiturak hobetzeko esperientzian nahitaezko elementuak zehaztu ondoren, OSOIGO NEXT garapen taldearekin batera, kontzeptuaren egingarritasuna landu dugu, lortu nahi den kontzeptuaren diseinua egingarria eta bideragarria izateko asmoarekin. Aspektu garrantzitsuetako bat OSOIGO NEXT -ek erabiltzen duen teknologia inkesta formatuan oinarrituta dagoela da. Kasu honetan, inkesta formatu batetik test formatu batera berritu nahi da. Formatu horretan, partehartzaileek ikaskuntza baliabideak lortzen dituzte beren kontsumo ohituretan aldaketa txikiak egin ahal izateko. Aldi berean, partehartzaileek egindako erosketak izan dituen emaitzak ikusi ahal izango ditu, karbono-aztarna bezalako balorazioen bidez.

Azkenik, esperientzia honen helburua interakzioen datuak lortzea da. Ondoren partehartzaileen kontsumo joerak eta jasangarritasun ereduak interpretatu ahal izateko proban zehar, kontsumo ohiturak hobetzeko aukeraz baliatuta.

Partehartze prozesuaren ezaugarriak

ELIKAERA aplikazioa erabilera publikorako prest egongo da Aste Santuaren ondoren, eta prozesua uda amaieran amaituko da. Ondoren, esperimentu honen emaitzak neurtuko dira eta urrian zabaldu. Aurreikuspenen arabera, 18 eta 70 urte bitarteko 1.000 pertsonak parte hartuko dute Gipuzkoan (3000 pertsona ingururi egingo zaie deialdia).

Lehen ondorioak

Ikaskuntza handia izaten ari da, elikagaien sektorearekin lan egiten dugun lehen aldia baita. Ikerketa lana oso enpirikoa izaten ari da eta taldea buru-belarri ari da prozesuan zehar sortzen ari diren zalantzei erantzuna ematen.