Narratibak

Elikaera: elikagaiak erostean jasangarriagoak izan gaitezke, diru gutxiren truke

Erosketa-saskian diru gutxi ordainduta jasangarritasunean nabarmen eragin daitekeela erakusten duen tresna digital bat diseinatu dugu.

Elikaera proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du Etorkizuna Eraikiz Misioak 2023 programaren barruan, eta Osoigok, Eroskik eta ACEDE-H-Enea Living Labek sustatzen dute.

Proiektuaren hasieran galdera hau sortu zitzaigun:

Posible al da erosketa jasangarriago bat egitea askoz diru gehiago gastatu gabe?

Galderari erantzuna emateko xedearekin, Elikaera diziplina anitzeko eragileekin elkarlanean aritu da:

– OSOIGO NEXT, parte-hartze digitalean espezializatutako enpresa ezagun bateko berrikuntza-unitatea, plataforma digitalaren garapenaz eta parte-hartze digitalaren koordinazioaz arduratu da.

EROSKI I+G+b saileko taldea, elikagaien banatzaile ezaguna, arduratu da sektoreari buruzko ezagutza eta elikagaien jasangarritasunaren adierazleak behar bezala aplikatzeko aholkua emateaz. Horretaz gain, bezeroarengan oinarritutako ikuspegiarekin konprometituta, entzuteko tailerrak egin dira supermerkatuetan bertan.

 ACEDE, Euskadiko Etxeko Klusterra eta bere living lab H-ENEA, proiektu honetan berrikuntza irekia kudeatzeaz eta kontzeptuaren diseinua egiteaz arduratu gara, hasierako kontzeptua diseinu egingarri bihurtzeko eta datuak emateko, baita ohituren aldaketan eta kontsumo arduratsuago batean sakontzen jarraitzeko ere.

Berrikuntza irekiaren kudeaketa fase goiztiarretatik

Proiektuaren hasieran, erosketa-simulazio bat egitea, emaitzak erakustea eta erosketa jasangarriago baterako alternatibak eskaintzea genuen helburu, sentsibilizazioan eta pedagogian sakontzeko asmoarekin.

Balio-proposamenak OSOIGOren teknologiaren eskutik joan behar zuenez, berrikuntza irekiak garrantzi berezia hartu du. Ez hori bakarrik, gauza bera gertatu da jasangarritasun-adierazleak zehazterakoan; izan ere, adierazle horiek produktu guztietan aplikatu behar dira, eta horiekin azterketa honetako produktu guztien ingurumen-inpaktua neurtu. Horretarako, funtsezkoa izan da EROSKIren esperientzia ingurumen-etiketen berrikuntzetan.

Balio-proposamena pixkanaka definitu da urrats bakoitzean aurrera egin ahala, betiere une bakoitzeko beharrak kontuan hartuta eta, beraz, eragile bakoitzaren baliabide eta ezagutzak artikulatuta definizio-prozesuan zehar. Artikulazio hori guztia H-ENEAk diseinuan eta berrikuntza irekiko prozesuetan duen esperientziari esker burutu da, oraindik ondu gabe dauden eta definizio fase goiztiarrean dauden proiektuetan.

Jasangarritasunari lotutako kontsumo-ohiturak aztertzea ahalbidetu digun prototipo erakuslea

Erosketa-simulazio batean oinarritutako prozesu parte-hartzaile bat diseinatu dugu. Prozesu horretan, erabiltzaile bakoitzak nutrizio-dieta estandar bati dagozkion 10 elikagai-motatan, kategoria bereko 4 produkturen arteko hautua egin dezake. Produktu horiek emaitza desberdinak dituzte 5 jasangarritasun-adierazletan: plastikozko ontzien murrizketa, karbono-aztarna, tokiko produktua, elikagai-hondakinak eta ekoizpen-mota.

Parte-hartze prozesua apirilaren 22tik uztailaren 22ra arte egon da irekita, eta guztira 2464 pertsonak erabili dute ELIKAERA aplikazioa. Horietatik 794 pertsonak, % 32k, ez dute erosketarik egin simulazioan; beste 938 pertsonak, % 38k, bai egin dute erosketa -erosketak ingurumenean zer eragin duen jakiteko-, baina ez dute hobetzeko aukerarik hautatu. Bestalde, 732 pertsonak (% 30) esperientzia osorik burutu dute, jasangarritasunean hobetzeko aukera bat hautatu eta hori zenbat diruren truke gauzatu daitekeen egiaztatuta. Gainera, parte-hartze digitalaz haratago, zenbait supermerkatutan 4 entzunaldi-saio egin dira, baita adineko pertsonen elkarte batekin tailer bat ere.

Azpimarragarria da Gipuzkoako parte-hartzaileen %85 emakumeak izan direla, eta gehienak 35 eta 54 urte bitartekoak. Izan ere, Gipuzkoako biztanleriaren parte-hartzearekin alderatuz gero, 65 urtetik gorako pertsonena urria izan dela beha daiteke parte-hartze prozesu digital honetan.

Diseinatu dugun tresna digitalak erosketa-saskian diru gutxi ordainduta jasangarritasunean eragin positiboa izan dezakegula erakutsi digu

Prozesu parte-hartzaile digital honetako ikerketaren emaitzek erakusten dutenez, 0,56 euro gehiagoren truke erosketa-saski jasangarriagoa izan dezakegu.

Zehazki, ELIKAERA erosketa-simulazioan parte hartu duten 732 pertsonek, bataz beste, 42,40 euroko erosketa egin dute, eta 10 produkturen artean aukeratu ahal izan dute. Erosketa-simulazioaren emaitzek diotenez, kanpoko inolako estimulurik gabe, parte-hartzaileen % 49k tokiko eta eskualdeko produktuak aukeratu dituzte, eta % 49k ez du plastikozko ontzirik erosi. Horrek esan nahi du kanpoko estimulurik gabe parte-hartzaileak erosketa kontziente bat egiten saiatzen direla. Baina zer gertatzen da parte-hartzaileei alderdiren batean hobetzeko aukera ematen badiegu?

Parte-hartzaileen ia herenak (% 32,8) tokiko ekonomiari laguntzea erabaki du bere erosketan. Tokiko ekonomia bultzatu nahi izan duten 240 pertsona horiek, 0,23 euro gehiago ordainduta, egiaztatu ahal izan dute %27 gehiago igo direla tokiko eta eskualdeko produktuak.

Bigarren aukera hautatuena, ia herenarena (%31,5), erosketako plastikozko ontziak murriztea izan da. Plastikozko ontziak murriztea aukeratu duten 231 pertsonek egiaztatu ahal izan dute, 1,53 euroren truke, %19 gehiago igo direla plastikozko ontzirik gabeko produktuak.

Lehen prototipo erakusle honekin errealitatera lehen hurbilketa bat egin ahal izan dugu, eta bertatik ikasi

Garatutako prototipo erakuslea errealitatera egindako lehen hurbilketa baino ez da, eta, horri esker, asteko erosketa egitean iraunkortasunak kontsumitzaileentzat izan dezakeen balioa egiaztatu ahal izan dugu. Hala ere, prototipoa 40 produktutan oinarritutako erosketa simulazio bat besterik ez da. Hasiera xume honetan lortu dugun ikaskuntzatik abiatuta, eta ohiturak aldatzen lagunduko digutenak erosketa arduratsuagoa eta jasangarriagoa egiteko, gure asmoa sakontzen eta eragile gakoekin batera irtenbideak sortzen jarraitzea da.

Komunikabideetan hedapena: